miércoles, 18 de mayo de 2011

ATEAK ZABALIK BATEGINEZEN

Bateginez GKEren Ateak Zabalik asteari hasiera emango dion mahai-inguruan Durangoko elkarteen etorkizuna izango da gai nagusia; ekimena astelehenean, 19:30ean, Pinondo Etxean gauzatuko da. Eztabaidarako proposamenak taldeak berak egin duen barne azterketan du abiapuntua eta elkarteek gizartean duten eginkizuna zein euren oztopo eta aukerak gertutik ikusteko balio izango du. “Elkarte moduan ditugun kezka asko beste taldeek ere banatzen dituztela konturatu gara, horregatik topaketa hau”, diote GKEko kideek. Ostiralean, sendagilea eta antropologoa den Ana Mateo durangarrak Guatemalan emakumeak duen egoerari buruz egingo du berba arratsaldeko zazpi t’erdietatik aurrera, berriro ere Pinondo Etxean. Mateok emakumeen hilketez jardungo du, baita bertako emakumeei gogor erasaten dien indarkeri estrukturalari buruz ere. Gainera, datorren astelehenetik aurrera Bateginezen bulegoa zabalik egongo da nahi duenak taldearen lana gertutik ezagutu nahi badu. Bisitarako ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da. Era berean, Pinondo Etxeko eskaileretan Bateginezen lanari eta historiari buruzko erakusketa ikusgai izango da aste osoan zehar.