miércoles, 7 de agosto de 2013

Pochutako jendea babestu!

Irailean Madrilen dagoen Guatemalako enbaxadara joango gara, sinadurak ematera. Azkenean urrian joan ginen hara. Ordubetez enbaxadorearekin egon ginen berbetan eta bildutako 458 sinadura eman genizkion. Entzun, entzun egin gintuen. Ea zerbaitetarako balio duen...

Beraz, sinatu eta hedatu!



EGIN BAT GUREKIN!

San Miguel Pochutako biztanleak boterekeriaren aurrean babestu 
 
Idatzi hau sinatzen dugun elkarte, zein gizon eta emakumeok, Guatemalako gobernuari, Giza Eskubideen bulegoari, eta Guatemalako herritarren babesa eta ongizatea bermatzeko ardura duten eragile guztiei San Miguel Pochutako herritarrei boterekerien aurrean benetako babesa ematea eskatzen diegu.

Azkenengo bi urteetan, San Miguel Pochutako lagunek, ezin izan dituzte zerbitzu publikoak erabili, ezta giza eskubideen bermea aldarrikatu ere. Guzti hau, bertako bizilagunen larritasun egoerari gaineratzen zaio. Izan ere, arazoak biderkatu egiten dira: haurrekiko lan esplotazioa, elikadura, etxe eta enplegu duinen falta, emakume eta neskei zuzendutako indarkeria, gazteen etorkizunerako aukera eza, segurtasun falta, ingurumenaren kutsadura, oinarrizko zerbitzu publikoen etena, komunikabideen ezegonkortasuna... 
 
Estatuaren ekimena behar beharrezkoa da Pochutan, beti ere, Giza Eskubideak errespetatu eta bermatu egiten direla. Gatazkari amaiera emateko indar desberdinak batu nahi ditugu, aspaldiko partez, herriak jasotzen dituen erasoei aurre egiteko.

Gogora ekar dezagun, Pochuta, Chimaltenangoko departamentuan, gabezi handiko herria dela eta Guatemalak duen pobrezia-mapan 264. postua betetzen duela. Hala ere, bertakoek aurrera egiteko borrokan dihardute, eta oraindik ere, agintariek herriari aukera bat emango dioten zai dira. Pochutarrek ez dute humiliazioa merezi, ezta gatazka politiko edo bestelakoak direla medio euren duintasuna urratzea.

Eurekin lan egiten dugunok aurrera egiteko duten gogoa ikusi dugu. Baina, banakako interesak eta banaketak igaro beharko ditugu herri osoa kolokan jartzen duten arazoei aurre egiteko.