miércoles, 15 de abril de 2015

Datorren Ekainean Bateginezek bere ateak itxiko ditu


Bateginez GKEak, 22 urtetan zehar egindako lanari bukaera ematea erabaki du. Urte hauetan garapenerako lankidetzarako lanak Guatemalako Pochuta herriari zuzenduta egin dira gehien bat. Era honetan, pobrezia eta injustizien kontrako borrokaz eta beste errealitate batzuen aurkikuntzaz beteriko istorioez betetako ziklo bati amaiera ematen zaio.

Hamarkada luze bi hauetan, Bateginez-ek behetik hasitako garapenerako lankidetza landu du oinarrizko beharrei arreta emanez eta Durangalde eta Pochutako herrien arteko harremanak garatuz. Bateginezek argi izan du beti bere helburua ez zela erakunde bezala haztea eta proiektu asko leku desberdinetan eukitzea. Beti mantendu izan du bere herriko GKEaren izaera, bolondresez osatuta gehien bat eta helburu argi eta garbiekin. Gardentasuna eta gauzak ondo egitea izan dira Bateginezek jarraitu dituen irizpideak.

Ikasketa beken programak, haur txikienetatik hasita ikasle nagusien graduazioetara, ehundaka lagunen bizitzak elkartu ditu Atlantikoaren bi alderdietan. Bateginezen lana Pochutan, hezkuntza eta osasunari zuzenduak izan dira gehien bat baina eskola txikiak ere mantendu izan dira baita formaziorako programak bultzatu, eta etxe bizitzak eta saneamendu-sareak eraiki ere. Azken urteetan batez ere, Pochutako emakumeen eskubideen borrokan ilusio handiz parte hartu du.

Bateginezen apustuetariko bat, esfortzu guztiak herri baten jartzea izan zen eta ahal bazen ”kontraparte” deritzon bakar batekin, emaitzak optimizatzeko asmoz. Apsadec-ek, Pochutako erakundeak, gero eta protagonismo gehiago hartzea Bateginezekin zeukan harremanetan zen helburua, beraien helburuak planteatuz, eta bide horretan aliatu berriak bilatuz. Apsadec ere bolondresez osaturik dago eta erakunde bezala jaio zenetik, 15 urtetan Bateginezen “kontraparte” bakarra izan da eta emaitzak oso onak izan dira. Baina azken hilabeteetan konfidantza hori apurtu egin da. Apsadec-ek Bateginezekin zituen proiektuen kudeaketari buruzko erabakiak hartu ditu Bateginezi jakinarazi gabe. Bateginezek informazio hori erreklamatu zuen baina ez zuen erantzun aproposa jaso. Konfidantza hori berreskuratzeko eskatu zitzaizkien aldaketak ere ez dituzte kontutan hartu. Honela izanik, Apsadec-ek Bateginezekin zeuka hitzarmena ez duela bete uste du azken honek eta bien arteko harremana apurtutzat ematea erabaki du.

Erabaki zaila izan da baina erabaki zuzena delako ziurtasunarekin hartua izan da. Apsadec-ek informatu duenez, berrantolaketa eta helburuen berrikusketa lanetan ari dira. Beraien bidea jarraituko dute.

Bateginez-ek aldiz, bere ateak ixten ditu. Ez zeukan zentzunik berriz zerotik hastea. Ala erabaki zuen ez-ohiko Batzar Nagusiak martxoaren 31an Pinondo Etxean egindako bileran. Likidaziorako talde bat izendatu zen batzar honetan azken ordainketak eta beharrezko azken tramiteak egiteko. Azkenik, gelditzen den dirua gure balore eta helburuak konpartitzen dituzten gertuko erakundeen artean banatuko da, bileran erabaki zen bezala.

Bateginez osatzen dugunok elkartasunean eta herrien arteko lankidetzan sinisten jarraitzen dugu eta denontzako etorkizun hobeago bat posiblea dela uste dugu. Durangaldean helburu hauetan oinarritutako lanean jarduten duten elkarteei emango diegu lekukoa. Elkarte hauetako asko lagun izan ditugu urte hauetako ibilbidean.

Asko daukagu eskertzeko, lehenengotatik Bateginezen parte hartu dutenei, beranduago heldu zirenei, bidean gelditu direnei, lagundu diguten erakundeei: Durango, Iurreta eta Abadiñoko udaletxeei, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko GKEei, pltaforma honetan ez dauden beste erakunde batzuei, Durangaldeko elkarteei, eskolei, gure lanaren oihartzuna zabaltzen lagundu diguzuen komunikabideei……Hainbat eta hainbat lagun izan ditugu inguruan urte hauetan eta ezin ditugu danak aipatu.

Horregatik, datorren ekainean Bateginezek ekintza bat prestatuko du gugan konfidantza jarri duten hainbat eta hainbat laguni bihotzez eskerrak emateko. Ekintza honen asmoa, alde batetik agur esatea da eta bestetik 1993tik lortu, ikasi eta bizi izan duguna ospatzeko.

Horretaz gain, pasa den ostiralean bilera bat izan genuen diru-emaile eta laguntza eman diguten guztiekin erabaki honi buruzko zalantza eta galdera guztei erantzuteko. Lagundu diguten erakundeekin ere bilduko gara.       


BATEGINEZEKO  LANTALDEA.                                            

No hay comentarios: