BATEGINEZ GKEko kideok Durangaldeari
agur esan genion ostegunean, gure 22. urtebetetzean. Gau hunkigarria
eta ahaztezina bizi izan genuen Durangoko hainbat laguneri esker. San
Agustin Kultur Gunea txiki geratu zitzaigun. Gure izenari kasu
eginez, pentsakera, jatorri eta kolore askotariko lagunak elkartu
ginen Bateginezen agurrean. Den denek gure bihotzetan leku bat izango
duzue betirako.
Eszenatokian, Idily eta Iñaki, bata
guatemaldarra, euskalduna bestea. Euren musikak goxotu zuen azken
tragu mingotsa. Pantaila handian urteetan izandako hainbat
bidelagunen agurrak eta gure azken proiektuari buruzko dokumentala
izan genituen. Amaitzeko, Bateginezen azken juntakideek azken mezu bat irakurri zuten, lankidetza, utopia, ametsak eta elkartrukea
defendatuz. Hor geratzen da gure baloreen, ideien eta egiteko moduen
testigantza. (Ikusi bideoa)
Ekitadia amaitu ondoren lagun askorekin
egoteko aukera izan genuen, aurrez aurrez. Hor izan ziren, besteak
beste JAED, ANDEREAK eta MEDICUS MUNDI BIZKAIAko ordezkariak. Euren
artean bananduko da BATEGINEZeko ondarea, momentu hori heltzen
denean. Horrela erabaki zuen Bateginezeko Asanblada Ezohikoak, pasa
den martxoan. Gertutik ezagutzen ditugun elkarteak dira, gure
baloreak partekatzen dituztenak eta gurekin, hainbat arlotan, lan
egin dutenak.
Durangaldeko eskoletako ordezkariak
izan ziren ere, baita beste elkarte askotakoak eta Bateginezen lan
egin duten insitituzioen ordezkari politikoak, tartean Durangoko
Gizarte Ekintza Saileko Batzorde taldea izandakoa.
Gurekin kooperante izan diren gazteak
ere han egon ziren, eta ekitaldiaren parte garrantzitsua bihurtu
ziren. Horrela, Olatz Arkarazo 'Mujeres de Pochuta', dokumentalaren
autorea, bertan izan genuen, eta berarekin batera grabazioetan aritu
ziren aipatutako Iñaki Larrañaga eta Julene Idoate durangarra.
BATEGINEZen bizitzan parte hartu izan
duten hainbat boluntario eta lagun elkartu ginen ostegunean. Javi,
Joserra, Imanol, Rosa, Marisa, Yolanda, Rebeca... Baita aitabitxi eta
amabitxiak ere: Miren, Leire, Maite, Marisa, Ana, Consuelo, Begoña...
Guztira 150 lagun pasata elkartu ginen.
Bihotzez, gure eskerrik beroena.
(Argazkia eta bideoa: Marta A. L.)