sábado, 13 de junio de 2015

Agur Durango! Beti gure bihotzetan. Gau hunkigarri eta ahaztezin baten kronika



BATEGINEZ GKEko kideok Durangaldeari agur esan genion ostegunean, gure 22. urtebetetzean. Gau hunkigarria eta ahaztezina bizi izan genuen Durangoko hainbat laguneri esker. San Agustin Kultur Gunea txiki geratu zitzaigun. Gure izenari kasu eginez, pentsakera, jatorri eta kolore askotariko lagunak elkartu ginen Bateginezen agurrean. Den denek gure bihotzetan leku bat izango duzue betirako.

Eszenatokian, Idily eta Iñaki, bata guatemaldarra, euskalduna bestea. Euren musikak goxotu zuen azken tragu mingotsa. Pantaila handian urteetan izandako hainbat bidelagunen agurrak eta gure azken proiektuari buruzko dokumentala izan genituen. Amaitzeko, Bateginezen azken juntakideek azken mezu bat irakurri zuten, lankidetza, utopia, ametsak eta elkartrukea defendatuz. Hor geratzen da gure baloreen, ideien eta egiteko moduen testigantza. (Ikusi bideoa)

Ekitadia amaitu ondoren lagun askorekin egoteko aukera izan genuen, aurrez aurrez. Hor izan ziren, besteak beste JAED, ANDEREAK eta MEDICUS MUNDI BIZKAIAko ordezkariak. Euren artean bananduko da BATEGINEZeko ondarea, momentu hori heltzen denean. Horrela erabaki zuen Bateginezeko Asanblada Ezohikoak, pasa den martxoan. Gertutik ezagutzen ditugun elkarteak dira, gure baloreak partekatzen dituztenak eta gurekin, hainbat arlotan, lan egin dutenak.

Durangaldeko eskoletako ordezkariak izan ziren ere, baita beste elkarte askotakoak eta Bateginezen lan egin duten insitituzioen ordezkari politikoak, tartean Durangoko Gizarte Ekintza Saileko Batzorde taldea izandakoa.

Gurekin kooperante izan diren gazteak ere han egon ziren, eta ekitaldiaren parte garrantzitsua bihurtu ziren. Horrela, Olatz Arkarazo 'Mujeres de Pochuta', dokumentalaren autorea, bertan izan genuen, eta berarekin batera grabazioetan aritu ziren aipatutako Iñaki Larrañaga eta Julene Idoate durangarra.

BATEGINEZen bizitzan parte hartu izan duten hainbat boluntario eta lagun elkartu ginen ostegunean. Javi, Joserra, Imanol, Rosa, Marisa, Yolanda, Rebeca... Baita aitabitxi eta amabitxiak ere: Miren, Leire, Maite, Marisa, Ana, Consuelo, Begoña... Guztira 150 lagun pasata elkartu ginen.


Bihotzez, gure eskerrik beroena.

Ikusi bideoa
(Argazkia eta bideoa: Marta A. L.)

No hay comentarios: