lunes, 11 de enero de 2016

Bateginezek bere ondasuna banatu du eta behinbetiko desegin da

Pasa den abenduaren 28an, Bateginez GKEak bere disoluzioa baieztatzen dituzten dokumentuak Euskadiko Elkarteen Erregistroan utzi zituen, baita bere ondasunaren banaketaren informazioa ere. JAED, Andereak eta Medicus Mundi Bizkaia erakundeek jaso dute Durangoko GKEaren ondarea, Bateginezeko Ezohiko Asanbladaren agindua jarraituz, 2015ko martxoaren 31an.

Guztira, Bateginezek 45.316,18 euro banatu ditu aipatutako elkarteen artean, zor guztiak ordaindu eta gero. Kopuru ezberdinetan banatu da likidazioaren fondoa, elkarte hartzaileekin adostuta eta euren beharren arabera.

Hiru erakunde hauek Bateginezekin harreman estua izan dute eta bai ekintzetan bai filosofian gertu izan ditu Durangoko GKEak, elkarrekin askotan lan eginez:
  • Bateginez eta JAED pobreziaren aurkako borrokan elkartu ziren. Urteetan zehar kanpaina publikoetan eta eguneroko beharrean auzokide zintzoen moduan lotura sendoa izan dute.
  • ANDEREAK azkenengo etapan izan da Bateginezen bidelaguna. Bi elkarteek emakume eta neskeen eskubideen urraketen inguruko analisiak eta ardurak konpartitu dituzte, Durangaldean eta Guatemalan. Durangon tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeei laguntzeko proiektua hasi berri du ANDEREAK.
  • MEDICUS MUNDI BIZKAIA sekulako laguntza izan da Guatemalan zein etxean, elkartearen baliabide tekniko eta pertsonalak eskainiz. Osasuna eta Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Elkarlanean topatu ziren Bateginez eta MMB, baita Euskadiko GKEen Koordinakundearen barruko lanetan ere. Gainera, MMBk Bateginezek Pochutan utzi zuen lanari ekingo dio biolentzia pairatu dituzten emakume eta neskatoen alde. Bi elkarteek konpartitutako borrokan jarraituko du, Guatemalan eta beste leku askotan.
Bateginezek bere historiaren testigantza ere utziko du. Bere artxiboen zati bat Durangoko Udal Artxibategian gordeko da, erakundearen 22 urteko bizitzan sakondu nahi duenarentzat eskuragarri. Beste zatia (dokumento ekonomiko eta fiskalak, batez ere) elkartearen azkenengo Zuzendaritza Batzordeko kideek gordeko dute, legeak agintzen duen moduan.

No hay comentarios: